Jarduera fisikoa osasuna dela maiz entzuten dugu, eta ahoz goran entzungo da hori datorren irailaren 19an Andoainen. Kirola sustatzeko, jarduera fisikoa adin guztietara zabaltzeko, kirol egokitua ikusarazteko eguna izango da. Urtero bezala, hamaika jarduera ikusi eta probatzeko aukera izango dute herritarrek.
Goizean 9:00etan hasita, eguerdira arte, ikastaroak, irteerak eta ikuskizunak izango dira herriko hainbat txokotan. Andoni Alvarez alkateak eman du egitarauaren berri gaur egindako prentsaurrekoan. Alvarezen hitzetan “Andoain herri kirolaria izan da beti, eta horren erakusle dira herrian ditugun kirol talde eta elkarteak; aniztasun zoragarria erakusten dute”.
Udal ordezkariekin batera, egon dira aurkezpenean irailaren 19an parte hartuko duten herriko hainbat talde eta elkarteetako ordezkariak ere. Hamaika kirol adin guztietarako Ipar martxa (Nordic Walking) ikastaroarekin abiatuko da Mugitu Andoain, Goikoplazan elkartuko dira, azken urteetan gorakada handia izan duen kirola erakutsi eta irakasteko. Jada herrian ezinbestekoa bihurtu den beste ekimen batek ere izango du lekua egun horretan: Ibili Andoain, 65 urtetik gorako herritarren elkargunea bihurtu da, jarduera fisikoa modu erraz eta dibertigarrian egin ahal izateko. Egun horretan ere, parte hartzaileak herrian barna ibiliko dira, paseoan.
Txikienekin hasita, Kenpo kai arte martzialeko tailerra, gimnasia erritmiko tailerra, Leitzaranetik mendi bizikleta irteera, mendi irteera, arrantza edo duatloia probatzeko aukera izango dute. Helduenek, berriz, aipatutako Ibili Andoain ekimenean hartu dezakete parte, edo dantza lerroan, 12:15ean Zumea plazan. 18 urtetik gorakoek gravel bizikleta irteeran hartu dezakete parte, edo Kangoo Jumps erreboteko botak probatu.
Andoaingo Udala Mugitu Andoain, herrian jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko ekimen handia irailaren 19an izango da Kirol egokitua ikusarazteko eguna futbola, eskubaloia eta saskibaloi egokitua nolakoa den erakutsiko dute Allurralde kiroldegian, 10:30etan hasi eta 12:30ak arte. Eta pala egokitua, berriz, Goikoplazan izango da, 11:00etatik aurrera. Kirola egiteko modu asko daudela argi utzi nahi du ekimen honek, adin guztietarako ezezik, pertsona guztientzat kirolak lekua baduela aldarrikatuz.
Alkateak bereziki azpimarratu du herriko elkarte eta eragileen inplikazioa: “benetan eskertzen diegu elkarteei urte guztian zehar Andoainen kirola sustatzeko egiten duten lana, bestela ezinezkoa litzateke gaur aurkeztu dugun moduko egitaraurik osatzea. Eskerrik asko denei” .
Mugitu Andoain ekimena Zumea plazan amaituko da, 13:00etan, pintxoak eta opariak egongo dira ekimenetan parte hartzen duten guztientzat. Gogoratu, eguraldi txarra balego aldaketak egon daitezkeela egitarauan leku aldaketak edo bertan behera gelditzea. Adi, beraz, aurreko egunetako abisuei.


