Datorren urriaren 18an, igandean, Buruntzaldeko Ibilbideen Egunaren 18. edizioa ospatuko da. Ekimen hau Lasarte-Oria, Andoain, Urnieta eta Usurbilgo udalek elkarlanean sustatzen dute eta helburu du lehiarik gabeko jarduera fisikoa bultzatzea eta, aldi berean, herritarrei eskualdeko natura- eta landa-ingurunea ezagutzeko aukera eskaintzea.
Edizio berria Lasarte-Orian aurkeztu dute gaur goizean Goizalde Pildain Kirol zinegotziak eta parte hartzen duten udalerrietako kirol arduradunek. Aurten, gainera, Lasarte-Oria izango da antolakuntzaren arduradun nagusia.
Buruntzaldeko Ibilbideak proiektuak bost ibilbide ditu, baso, baserri, baseliza eta natura- zein kultura-intereseko beste hainbat gunetatik igarotzen diren bide eta pistetan barrena. Ibilbideak gezi eta zutoinen bidez seinaleztatuta daude, eta udalerri bakoitzean trazatu, profil eta distantziei buruzko informazioa duten panelak daude.
Seinaleztapenak, gainera, kolore bana erabiltzen du udalerri bakoitza identifikatzeko: urre koloea Lasarte-Oriarentzat, berdea Urnietarentzat, laranja Usurbilentzat eta urdina Andoainentzat. Horrela, parte-hartzaileek une oro jakin dezakete zein ibilbidetan dauden.
Bost ibilbide aukeran
Parte-hartzaileek honako ibilbide hauetako bat aukeratu ahal izango dute:
- Andoain – Lasarte-Oria, Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginez. 7,9 kilometro ditu, oinez bakarrik egin daiteke eta mendiko oinetakoak behar dira.
- Andoain – Urnieta, 4,8 kilometrokoa. Oinez edo bizikletaz egin daiteke.
- Andoain – Usurbil, Andatzatik barrena. 14,9 kilometrorekin, ibilbiderik luzeena da. Oinez bakarrik egin daiteke eta mendiko oinetakoak behar dira.
- Lasarte-Oria – Urnieta, 3,9 kilometrokoa. Oinez edo bizikletaz egin daiteke.
- Lasarte-Oria – Usurbil – Aginaga, 4,5 kilometro Santueneako punturaino eta 9 kilometro Aginagaraino. Oinez edo bizikletaz egin daiteke.
Kontrol eta anoa-postuak 08:00etatik 14:00etara
Jardunaldia 08:00etatik 14:00etara egingo da. Ordutegi horretan kontrol-guneak egongo dira lau udalerrietan, eta parte-hartzaileek informazioa jaso, txartela zigilatu eta ura zein mokadutxoak hartu ahal izango dituzte.
Lasarte-Orian, kontrol-gunea San Pedro elizaren ondoko plazan egongo da. Andoainen eta Urnietan, berriz, udaletxeen azpialdean kokatuko dira. Usurbilek bi kontrol-gune izango ditu: bata Santuenean, Zorrotz zubiaren ondoan, eta bestea Aginagan, Mapil baserriaren inguruan.
Ibilbidea hastean, parte-hartzaile bakoitzak irteerako udalerriaren zigilua duen txartel bat jasoko du. Bi ibilbide osatzen dituztenek oroigarri bat jasoko dute. Halaber, Andoain–Lasarte-Oria edo Andoain–Usurbil ibilbideak, edozein norabidetan, egiten dituztenek ere jasoko dute oparia.
Navi Ruta, ibilbideak jarraitzeko laguntza
Ibilaldian lagungarri izateko, Navi Ruta telefono mugikorretarako aplikazioa erabilgarri egongo da. Aplikazioak kokapenari, jarraitu beharreko norabideari eta interesguneei buruzko informazioa eskainiko du etengabe.
Aplikazioa deskargatzeko eta ibilbide bakoitza aktibatzeko, udalerri bakoitzeko informazio-paneletan eta kontrol-guneetan egongo diren QR kodeak eskaneatu beharko dira.
Itzulerarako autobus zerbitzua
12:00etatik aurrera, autobus zerbitzua egongo da parte-hartzaileak beren jatorrizko udalerrietara itzuli ahal izateko. Zerbitzua Aginagako Ezpaldi gasolindegitik abiatuko da, eta Usurbilen, Lasarte-Orian, Andoainen eta Urnietan egingo ditu geldialdiak. Autobusa erabiltzeko, parte-hartze txartela zigilatuta aurkeztu beharko da.
Aginagatik hiru irteera izango dira, 12:00etan, 13:00etan eta 14:00etan, eta azken zerbitzua Urnietan amaituko da 14:40an.
Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udaletako kirol zerbitzuek antolatzen dute, eta Andatza Mendi Elkartea, Euskalduna Mendigoizale Elkartea, Ostadar S.K.T.ko mendi saila eta Super Amara izango dituzte laguntzaile.


