Isidro Langara futbolaria izango du gogoan Andoaingo herriak igande honetan

Urriak 05, 2023

 

  • Udalak futbolariaren omenezko plaka jarriko du bere izena daraman zubian.
  • Langararen omenez, beteranoen partidua jokatuko da Euskalduna eta Tolosa taldeen artean.
  • Datorren asteazkenean mahai-ingurua izango da Basteron futbolari handitasuna gogora ekartzeko.

Andoaingo herriak ezagutu duen futbolarien artean handienetakoa zen Isidro Langara. Haurra zela ekin zion futbolaren jardunari, tartean Euskalduna futbol taldean ere aritu zen; berehala erakutsi zituen baloia dantzan jartzeko zituen dohainak, eta hala garatu zuen bere ibilbide profesionala ere, Real Oviedo futbol taldean, esaterako. Gerra aurreko garaietan, Ligako Lehen mailako goleatzaile izan zen, lortu gabeko balentriak lortzera iritsita: hiru partidatan hiru gol baino gehiago sartzea ere erdietsi zuen. 1937an Agirre Lehendakariak sortutako Euskadiko selekzioan ere hartu zuen parte, eta nazioartean hainbat partida jokatu. Erbestea ere ezagutu zuen Kuban, Mexikon eta Argentinan. Haietan ere ez zuen aukera galdu futbolean aritzeko. Edonola, Andoaindik kanpo luze jardun bazen ere, beti mantendu zituen lokarriak Andoainera lotuta.

Hala, herriaren esker ona adierazteko, Kiroldegia eta Kalenagusia lotzen dituen zubiari bere izena jarri zitzaion orain urte batzuk. Igande honetan, berriz, egiteke duen urrats bat emango du Udalak: alde batetik, bere omenezko plaka jarriko da zubi horretan, argi gera dadin Andoaingo herriak Isidro Langarari dion esker ona. 11:30etan izango da, zubian bertan eta, Udaleko ordezkariez gain, futbolariaren senitartekoak izango dira bertan. Ondoren, Langararen omenez, Euskalduna eta Tolosako futbol taldeen jokalari ohi beteranoen arteko partida jokatuko da Ubitarten. Eta azkenik, futbolariaren handitasuna gogora ekartzeko mahai-inguru ospatuko da urriaren 10n, asteartean, Basteron, 19:00etan: hizlari jardungo dira Miguel Sanz (Real Oviedoko ondare arloko zuzendaria), Carlos Muñoz (Oviedoko nazioarteko jokalari ohia), Juan Carlos Etxeberria (EiTBko kazetaria) eta Naxari Altuna (EiTbko kirol kazetaria).

Andoaingo Udalak herritarrak animatu nahi ditu Andoaingo herriak ezagutu duen futbolarien artean handienetakoa zen Isidro Langararen omenezko ekitaldietan parte-hartzera.