Astelehenean irekiko ditu ateak Arrate Pilotaleku eraberrituak

Apirilak 04, 2019

Hainbat hilabeteetan obretan jardun ostean, datorren astelehenean, apirilaren 8an zabalduko ditu ateak Arrate Pilotalekuak. Hilabete hauetan hainbat berrikuntza egin dira instalazio honetan: goikaldean Frontoi luzea mantendu da hainbat berrikuntzekin (ezker pareta txukundu da, lurra aldatu da eta irisgarritasun eta emergentzia araudiak betetzeko neurriak hartu dira, igogailua jarriz, besteak beste). Behekaldean, berriz, bi tatami jarri dira, pilotaleku txiki bat, gimnasioa (boulderra, indarra lantzeko makina eta elementuak, lan kardiobaskularrerako eremua), Txirrindularitzako gela, bilera gela, 4 aldagela eta komonak. Espazio hauek erreserbatu ahal izango dituzte herritar edo elkarteek, horretarako baldintzak bertan galdetu beharko dituztelarik. Herritar oroz gain, instalazio hauen elkarte erabiltzaileak izango dira, besteak beste, pilota, judo, karate, kempo-kai, aikido eta txirrindularitza.

Sarrera nagusia behekaldean ezarri da. Kiroldegiko bazkidetza sistema barruan sartzen den kirol instalazioa izango da Arrate Pilotalekua, beraz, bazkide txartelarekin edo hatz markaren sistemarekin sartu ahal izango da. Aipatu
beharra dago armairu edo takilla sistema berria ezarri dela: bakoitzak bere kandadua eraman beharko du takilla erabiltzeko. Txanponen zerrailak arazo asko ematen ditu eta, horregatik, sistema honen aldeko hautua egin da ikusirik beste instalazioetan emaitza onak eman dituela.

Hauxe izango da Arrate Pilotalekuaren ordutegia:

NEGUKO ORDUTEGIA:

ASTELEHENETIK OSTIRALERA 9:00-13:00 / 16:00-23:00
LARUNBATAK 9:00-13:00 / 16:00-20:00
IGANDE ETA JAI EGUNAK 9:00-13:15

UDAKO ORDUTEGIA:

ASTELEHENETIK OSTIRALERA 9:00-13:00 / 16:00-21:00
LARUNBATAK: itxita
IGANDE ETA JAI EGUNAK: itxita

Obra honen kostua 1.200.000 eurokoa izan da guztira. Foru Aldundiak Kirol instalakuntzak berritzeko ematen dituen diru-laguntzetatik 435.000 euro jaso ditu Udalak.