Amador Granados dominaduna zoriondu!

Urriak 14, 2016

Joko Paraolinpikoetan domina irabazi duen Amador Granadosi harrera egingo zaio urriaren 19an udaletxean.

Brasilgo Joko Paraolinpikoetan partaidetza eta garaipen bikaina izan ondotik, Amador Granadosi harrera antolatu diote Andoaingo Udalak eta Kirol Patronatuak. Granadosek pasa den hilabetean Brasilen ospatu ziren Jokoetan hartu zuen parte, eta brontzeko domina irabazi zuen txirrindularitza egokituko abiadura olinpikoko kirol-frogan.

Amador Granados 1967an jaio zen Andoainen, eta, nahiz eta bere bizitzaren parterik handiena Usurbilen igaro, Andoainen bizi da 2008az geroztik. Domina hau esfortzu handiko ibilbide baten emaitza da. Bitarteko terapeutiko gisa hasi zen txirrindularitzan: jaiotzetik zuen deformazio bat medio, kirola egitea gomendatu zioten, eta aitaren bitartez hasi zen txirrindularitzan. Esfortzu askoren ostean, apurka apurka bere maila gaindituz joan zen, kirol froga garrantzitsuetan parte hartuz eta emaitza paregabeak lortuz. Brasilgo Jokoetan parte hartuz eta brontzeko domina lortuz, beste emaitza ezinhobe bat lortu du bere ibilbidean.

Horregatik guztiagatik, Amadorrek merezi duen omenaldia eskaintzeko asmoz, datorren asteazkenean, urriaren 19an, 18:00etan, harrera egingo zaio udaletxeko pleno aretoan. Udaleko ordezkari politikoak eta Kirol Patronatuko ordezkariak bertan egoteaz gain, andoaindarrei bertan parte hartzeko eta Amadorri aurrez aurre zorion agurra trasmititzeko deia luzatzen zaie.

logoayuntapoli